Eta Chloé Lacan iritsi zen

Eskusoinua, pianoa eta ahotsa, Chloé Lacanena. Baina bera eskenatoki gainean dagoenean, ezerk ez dirudi benetan dena. Izan ere, hasieran Frantziako abesti zaharkitu baten ahots xamurra zirudiena mezzosoprano baten boz indartsuan bilakatzen da edota behea jotako tango garratz baten garraxi erdoilduan, ondoren. Ahots bakar batetik abiatuta milaka soinu eta erregistro ezberdin. Eta akordeoia…batzuetan eskusoinua da eta maiz hurbiltzen ari den tren baten zarata, edota Atlantikoa zeharkatu ondoren kaiara iristen ari den itsasontzi handi baten txistu-hotsa.

Iritsi, iritsi zen. Hizkuntzen arteko nahaspilo ulergaitz batekin Chloé ikuslegoarengana iritsi zen, nahiz eta jendea keinuen, begiraden eta eskusoinuaren ehunka botoiak barreiatzen zituzten soinuen bitartez bereganatu zuen, ikuskizunak aurrera egin ahala gero eta jarrera lotsabakoagoarekin. Bere abestiak eskaini zituen, besteen bertsioak, bat batean asmatutakoak, baina azken batean guzti-guztiak ziren bereak, Chloék bakarrik eman diezaieken ukitua zutelako guztiek, nahiz eta entzutean zalantzak sortu. Norena ote da? Gloria Laynoren “I Will survive” klasikoa bezala, Lacanen ezpainpean hitz-pilatua bilakatu zen eta jendeari- une batzuetan hatsa kendu ondoren- txaloak lapurtzeko gai izan zen. Txalo zaparrada. Gero, ukelele hawaiar batekin eskenatokia utzi eta gitarra txiki batekin eginiko abesti txiki bat zirudiena bat-batekotasunaren adibide bilakatu zuen, irudikoz han bertan sortutako bi hitzetatik abiatuta: “kirurgia estetikoa”. Ikuskizun dibertigarria, ezberdina, ustekabekoa. Chloé Lakan berriro etortzen bazaigu, benetan, ez ezazue galdu.

Twitter

Escribe un comentario - Iritzia idatzi

Subscribe Sala BBK en Facebook Sala BBK en Twitter Sala BBK en Flickr Sala BBK en Vimeo Scroll to Top